domingo, 9 de septiembre de 2012

Irailaren 14an elkarretaratzea Estrasburgon; 15an mobilizazioak 197/2006 doktrina aplikatuta duten eta larri gaixo dauden presoen jatorrizko hiri eta herrietan

Herrira mugimenduak agerraldi publikoa egin du gaur Donostiako hotel batetan. Bertan, Herrirak espetxe politika bere osotasunean salatzeko mobilizazio berriak iragarri ditu. Hurrengo astean, Herrirako kideak Estrasburgon izango dira europarlamentari eta giza eskubideen alorrean lanean ari diren antolakunde ezberdinekin bilkurak egiten. Horrekin batera, datorren irailaren 14an Herrirak elkarretaratzea antolatu du Estrasburgon, Europako Parlamentuaren atarian. Ondoren, irailaren 15an, 197/20006 doktrina aplikatuta edota gaixotasun larriak dituzten presoen jatorrizko herri eta hirietan mobilizazioak izango dira. Agerraldian, Garbiñe Erasok eta Beñat Zarrabeitia hartu dute hitza, euskaraz eta gazteleraz hurrenez hurren. Eurekin batera, Irati Mujika eta Josean Fernandez izan dira mahaian.


Herrirak zabaldutako oharra:

Egun on denoi eta mila esker beste behin ere Herriraren agerraldira etortzeagatik. 

Datozen egunetan abian jarriko ditugun iniziatiba eta mobilizazio berriak aurkeztuko ditugu segidan. Herrira Europara joango da datorren astean, Europar parlamentuko hainbat ordezkarirekin bilerak burutzera. 

Europara joko dugu, Espainiar gobernuak salbuespeneko irizpidea muturreraino eraman duelako eta oinarrizko giza eskubideak era asaldagarrian ari delako urratzen. Hala erakusten du gaixotasunagatik fase terminalean aurkitzen den Iosu Uribetxeberriaren kasuak. Iosuk oraindik preso jarraitzen du, eta ez dakigu etxera bizirik iritsiko den. Aspaldidanik justizia eta mendekua batera ezinak kontsideratzen dira munduan, baina Espainian mendekua da justizia sistema Iosurentzat erabiltzen ari den printzipioa, eta ez bizitza eta askatasunerako oinarrizko giza eskubidea. 

Gauza jakina da Iosuren kasua kartzela politika honek eragindakoa dela, eta bere horretan jarraituz gero beste hamaika Iosu ezagutuko ditugula. Izan ere, bizi osorako zigorra ezartzeak, gaixorik direna preso mantentzeak eta dispertsioak, tragedia eta sufrimenduaren ekuazioa osatzen baitute. Horregatik diogu presazko afera dela honakoa. Aurrera doan minutu bakoitzak zorigaitzeko ezbeharren aukera handitzen baitu. Espetxe politikaren erlojuaren orratzak sufrimendua, samina, giza eskubideen urraketa besterik ez dute markatzen. 

Ondorioak larriak dira, pertsonenganako mendekuaz ari baikara. Baina areago, kartzela politika honen bidez gatazkaren kiribiletik ateratzea eta soluzioen bidean murgiltzea da galarazi nahi dena. Iraganera itzularazi nahi gaituzte. Hala egin dute Iosurekin, eta ezin dugu permititu gatazka honek sufrimendu eta heriotza gehiago eragin dezan. Denon aldetik giza eskubideekin irmoki konprometitzeko eta denon artean konponbidea jorratzeko garaiak dira, eta ez arerioa menperatzeko politiken garaiak. 

Espainiar gobernuak politika hau darabil, Europako giza eskubideen konbenioaren gainetik, bai eta giza eskubideak babesteko Europak indarrean dituen instrumentuen gainetik ere. Hala ikusi dugu Estrasburgoko giza eskubideen tribunalak 197/2006 bizi osorako doktrinaren inguruan emandako ebazpenarekin. Estraburgoren arabera ilegala eta eskubide urratzailea den doktrina aplikatzen jarraitzen du Espainiako gobernuak. Frantziako Estatuaren kasuan antzeko terminotan aritu gintezke, izan ere Bizi Osorako Zigorra aplikatzen du baita. 

 Gauzak horrela, Espainiak indarrean duen kartzela politikak ez du lekurik Europan, eta horixe da Estrasburgora eramango dugun mezua. Euskal presoen egoerak ezin du horrela jarraitu, eta uste dugu Europako ordezkari politiko eta instituzionalek hemengo berri zuzena izan behar dutela, Espainiak behar duena esku hartze demokratiko bat baita. 

Horrez gain, datorren Irailaren 15erako mobilizazioak antolatzen ari gara hainbat hiri eta herritan. Mobilizazio hauen bidez, Europan ilegalki ezartzen den bizi osorako doktrina etetea, eta gaixorik diren presoak askatzea aldarrikatuko dugu. 

Eskerrik asko

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.