martes, 4 de septiembre de 2012

Fiskalak ostegun arteko epea du helegitea jartzeko

Argazkian, abuztuko Azken Ostirala Algortan.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak adierazi du Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako epailearen ebazpena "zehatz-mehatz" aztertzen ari dela, Berria.info agerkariak zabaldu duenez. Fiskaltzaren arabera, epaia "konplexua" da. Gaur edo bihar erabakiko du ziurrenik, baina, berez, ostegun arteko epea du. Fiskaltza aske uztearen aurka azaldu da, Uribetxebarriak biktimei barkamenik eskatu ez eta ETArekiko loturak hautsi ez dituela argudiatuta. Epailearen ustez, ordea, "koherentzia falta" erakutsi du fiskaltzak, presoari hirugarren gradua ematerakoan ez zuelako halakorik exijitu.

Helegitea jarriz gero, zigor salak hartuko du behin betiko erabakia —aurreneko salako bost epailek erabakiko dute, Fernando Grande-Marlaska buru dutela—. Jartzen ez badute, epaia irmoa izango da, eta jartzen badute gehiago luzatuko da behin betiko erabakia hartzeko epea.

Arantza Aparicio Josu Uribetxebarriaren abokatuak adierazi du epaia irmoa izan arte preso gaxoa baldintzapean aske ez uzteko erabakia "legez kanpokoa" dela; hala, Espetxe Zaintzako Epaitegiari Auzitegi Nazionaleko epailearen ebazpena berehala aplikatzeko eskatu dio defentsak. Epaitegi horretan ohar bat sartu dutela azaldu du preso gaixoaren abokatuak; hura beherala libre uzteko eskatzeko.

Ostegun gauean, Uribetxebarria baldintzapean aske uztea erabaki zuen Jose Luis Castro Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Hala ere, ez da aske aterako gutxienez bost lanegun pasatu arte, helegiterako aukera dagoelako —datorren osteguna—, eta epaia irmoa izan arte ez dutelako askatuko. Libre uzten dutenean ere, baldintza zorrotzak bete beharko ditu: ezingo du biktimen eta haien familien etxebizitzetara gerturatu, "indarkeria goratzen den edo zilegitasuna ematen zaion manifestazioetan modu aktibo edo pasiboan" parte hartzea debekatu dio, eta baita "zentzu horretako" adierazpenak egitea ere.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.