miércoles, 5 de septiembre de 2012

Etxerat: "Gure hamalau senideak berehala bizirik eta etxean izan nahi ditugu!"

Argazkian, gaurko agerraldia Donostian.
 
Jone Lazkoz (Jesus Mari Mendinuetaren bikotea):

Gaur hemen bildu garen senideak preso gaixo larrien senitartekoen ordezkariak gara, eta ezin hobeto ezagutzen dugu gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten gure senideen egoera erreala zein den. Hauen artean aurkitzen da Iosu Uribetxebarria, zoritxarrez oraindik preso jarraitzen duena. Izan ere, Espainiako Espetxe Zaintzako Jose Luis Castro epaileak Iosu Uribetxebarriaren baldintzapeko askatasuna onartu zuen pasa den astean. Baina, hau ez da gauzatu oraindik.

Iosuri 2005eko apirilean neurri handiko tumore bat detektatu zion urologoak ezker aldeko giltzurrunean eta urte bereko maiatzean minbizia diagnostikatu zioten. 2005eko ekainaren 9an, ezkerreko giltzurruna kendu ziotean; ondorioz, bizi arteko kontrola eta tratamendua beharko zuela jakinarazi ziotelarik. 2006ko abenduan gaixotasun larri eta sendaezina izateagatik bere baldintzapeko askatasuna eskatu zen Madrileko Espetxeko Zaintza Epaitegi Zentralean, 2007an ukatu ziotelarik. 6 urte geroago baldintzapeko askatasuna onartu dute, baina hala ere, preso jarraitzen du, berehala aske beharko lukeen arren. Egoera krudel honetan preso jarraitzeak, gure senide eta lagunei salbuespeneko neurriak aplikatzen dizkietela baieztatzen du honek. 

Espetxeko bizi baldintzek eragin zuzena izan dute Iosuren egungo egoeran. Izan ere, espetxean mantenduz, jarraipen eta tratamendu egokia jaso gabe, kanpoan egonik baino arrisku handiagoa zuen gaitza berpizteko. Kalean 2 urtetan mota honetako gaitza berpizteko arriskuaren aukera %51koa delarik jada.

Espainiako gobernuak Iosuren askatasunaren aurrean eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten beste hamahiru presoen aurrean duen jarrerak argi erakusten dute zer nolako mendeku gosea duten. Giza eskubideen defendatzaile direla aldarrikatzen duten horiek etengabe aritzen dira gure senide eta lagunei eta guri moral klaseak ematen, legea izaten dituzte hizketagai. Baina, gure senideen eskubideez eta eurei aplikatu beharreko legeei buruz ari garenean, guzti hau albo batera utzi eta publikoki adierazten dute ez zaiela gure senideen egoera inola ere axola. Horregatik, pertsona demokratiko zein moral garbikoak diren horiengana zuzentzen gara. Hainbestetan eskatu dugun eskubideen errespetua gauzatzeko garaia iritsi delako. Eta exijentzia hauek egin ditzakegula uste dugu, guk, herrialde honetako beste hainbat familiak bezala, oso ondo dakigulako zer den sufrimendua. Egunero lehen pertsonan bizi baitugu, gure senideen bizitzak eskuetatik alde egiten digun bitartean. Zer egiteko asmoa duzue guztion sufrimenduarekin amaitzeko? Noiz hasiko zarete guztion giza-eskubideak errespetatzen?

Ezin dugu ahaztu gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten beste hamahiru presok espetxean jarraitzen dutela, eta kalean egon beharko luketela. Bereziki aipagarria delarik Txus Martinen kasua. Txusek nahasmen eskizo-afektiboa du. Eta Laguntza Protokoloa ezarria du. Hala ere, abuztuaren 28an Zaballako espetxeak bat-batean protokoloa hautsi, eta Txus ordu batzuez bakarrik utzi zuen. Espetxeak, eta zehazki isolamendu edo bakartzeak, eragin zuzena du bere osasunean. Izan ere, Txus ia 8 urtez erabat bakartua egon da espetxean, eta egoera honek eragin dio egungo gaixotasuna. Honegatik, ezin du inola ere bakartua egon! Eta Laguntza protokoloa ezarria du, bere buruaz beste egiteko arrisku erreala duelako!

Iosu Uribetxebarria, Txus Martin, Gotzone Lopez de Luzuriaga, Josetxo Arizkuren, Inmakulada Berriozabal, Iñaki Etxeberria, Jesus Mª Mendinueta, Jose Angel Biguri, Jose Migel Etxeandia, Iñaki Erro, Gari Arruarte, Aitzol Gogorza, Jose Ramon Lopez de Abetxuko eta Isidro Garalde ez dira hamalu pertsonen izen soilak. Gure hamalau senide dira eta hitzak albo batera utzita, berehala gurekin batera, bizirik etxean izan nahi ditugu!

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.